
Oiartzungo Agenda 21en Aholku Kontseilua herritarren parte hartzea bilatzen duen kontsulta organoa da. Bertan parte hartzen duten elkarte, erakunde nahiz banakako herritarrek tokiko garapen iraunkorra lortzeko bidean zeresan handia dutenez, Aholku Kontseiluak herritarren eta Oiartzungo Udalaren elkarlana bilatzen du, guztien artean Agenda 21eko konpromisoak aurrera eramateko asmoz.
Aholku Kontseilua sortzearen helburua eta partaidetzarako organo honen funtzioak azaltzeko asmoz, Udalak foro ireki batetara deitu zituen herritarrak 2004ko irailaren 9an. Ondoren, urriaren 7an eta urriaren 21ean ospatutako bileretan Aholku Kontseiluaren helburua, funtzioak, osaketa eta antolamendua erregulatzen duen Araudia eztabaidatu eta azkenik, azaroaren 4ko bileran onartua izan zen. Aldi berean, bilera hartan Aholku Kontseiluaren lehendakaria hautatu zen; Juan Inazio Ansa Jauna banakako herritarra, hain zuzen ere. Azkenik, abenduaren 2an ospatu zen Aholku Kontseiluaren bileran Oiartzungo Agenda 21en Ekintza Plana eta lehentasunezko ekintzak eztabaidatu ziren eta bilera amaieran prentsaurreko bat eman zen.
Aholku Kontseiluaren osaketari dagokionez, lehendakariak, idazkaritzak, Oiartzungo 27 elkarte eta erakundeen ordezkariek eta banakako 10 herritarrek osatzen dute. Aipatu erakundeen artean Oiartzungo Udala aurkitzen da, bi ordezkarirekin; alkateordea eta Agenda 21eko Udal ordezkaria. Elkarteei dagokionez, ondorengo arloetako elkarteek osatzen dute Kontseilua: kirola, ingurumena, auzo elkarteak, emakumeak, gazteak, euskara, ekonomia, alderdi politikoak, hezkuntza eta sindikatuak. Hala ere, partaideen zerrenda ez dago itxita eta parte hartu nahi duten elkarte nahiz banakako herritarrek Agenda 21en Idazkaritzari eskaria aurkezteko aukera dute.
Agenda 21en inguruan informazioa jaso nahi duenak edo/eta Aholku Kontseiluan parte hartu nahi duenak 943-490377 telefonora dei dezake (Aitor edo Edurnerengatik galdetuz) edo agenda21oiartzun@yahoo.es helbide elektronikora mezu bat bidal dezake.





