Fase honetan hiru etapa bereiz daitezke:
3.1.- Adierazleen Sistema sortzea
Adierazleen sistema sortzeak hurrengo helburua du:
-Udalerriaren ingurumen-egoera jarraitzeko, baita ekintza-planaren arrakasta-maila neurtzeko ere, datu bereziak lortzea.
-Informazioa azkarrago eta eraginkortasunez lortzea.
-Ekintza Planean eragileen inplikazio-maila zehaztea.
-Udal-kudeaketan eta erabaki politikoak hartzeko orduan, laguntzea.
-Udalerrien interes nagusiei buruz ikuspuntu osoa lortzea.
Adierazleen sistemak nagusiki honakook ditu:
-Adierazleen zerrenda
Adierazleen zerrenda egokia gauzatu behar da; hain zuzen ere, adierazle‑kopuru txikienarekin udalerriko ingurumen-egoera eta udalerriko ekintza‑planaren helburuen betetze‑maila neurtzeko gai izan behar du.
Udalerri-egoeraren adierazle-zerrenda diagnostiko osoaren emaitzetatik abiatuta atera daiteke. Aipatu diagnostikoari esker, udalerrian kezka handien sortzen duten alderdiei buruz ondorioak atera daitezke. Horiek izango dira zaintza handiena beharko dutenak. Halaber, hiritarren bizi-kalitaterako oinarrizko aldagaien egoera neurtzeko adierazleak behar dira; asko eta asko ingurumenari dagozkionak dira. Aldagaiak balio ezin hobeak eskuratu arren, etengabe zaindu behar dira. Esaterako, uraren kalitatez, giro atmosferikoaren kalitateaz eta abarrez ari gara.
Arestian aipatu den egoera-adierazleen zerrendarekin batera, Tokiko Ekintza Plana ezartzearen ondorioz sortutako adierazleak erantsi behar dira. Horiei esker, ekintza zehatzen arrakasta ebaluatu ahal izango da. Adierazle asko aurrekoekin bat etorriko dira, beraz, azkenean adierazleen zerrenda bateratua lortu beharko da.
Adierazleen sistemaren helburuak lortzeko, honako ezaugarriak izan behar dituzte:
-Zehatzak, argiak eta espezifikoak.
-Ulergarriak eta interpretatzeko errazak.
-Erraz lortzeko modukoak.
-Aldaketekiko sentikorrak.
-Baliozkoak, egiaztagarriak eta errepikagarriak.
-Udal-errealitatearen egoera osoaren ikuspegi azkarra eskuratzeko erabilgarriak.
Funtzionamendu-sistema
Funtzionamendu-sistemak gutxienez hurrengo alderdiak garatu behar ditu:
Nola egiten da neurketa?
Zer aparatu erabili behar dira?
Zer neurketa-baldintza erabili behar dira?
Zer metodologia?
Zein da neurketa egitearen arduraduna? Pertsona fisikoa, ekipo teknikoa, organismoa, etab.
Zer aldizkakotasunez egiten dira neurketak?
3.2.- Jarraipen-Plana
Jarraipen-plana hurrengoan datza: tokiko ekintza-planean programatuta dauden jarduerak eta lanak egiten direla zaintzeko erantzukizunak banatzean. Halaber, kasu bakoitzean adierazleen eboluzioa zaindu behar da. Horiek, batetik, ekintzen arrakasta-maila, eta bestetik, aldagai zehatzaren egoera neurtzen dute; adibidez, uraren kalitatea, kalitate atmosferikoa, enplegua, etab.
3.3.- Ebaluazio-Prozesua
Prozesu honek helburu bikoitza du: helburuen arrakasta-maila ebaluatzen da eta tokiko iraunkortasunerantz udal-kudeaketaren joera hautematen da. Gainera, Tokiko Agenda 21 prozesuan partaide guztien (bai tokiko agintariena, bai hiritarrena) konpromiso- eta inplikazio-maila ebaluatzen da.
Ebaluazio-prozesu tradizionalean helburuen eta emaitzen arteko balantzea egiten da. Hala, balioztapen-irizpide zehatzpean itxaropenen asetze-maila egiazta daiteke.
Balantze hori egiteaz gain, Tokiko Agenda 21 prozesuan fase horretan ez da funtsezkoena. Behin eta berriz aipatu den bezala, Tokiko Agenda 21ek jarraipena izan nahi du, beraz, prozesu honetan garrantzitsuena udalerriaren arazoak eta hutsak edo egokitzapenik ezak zehatz-mehatz hautematea da. Hala, bi helburu nagusi lortzen dira: elikadura eta optimizazioa.
Udalerriaren egiazko arazoak sakonago ezagutu behar dira. Horretarako honakoetan oinarritu behar da: ikerketak, datuak, gizarte-sektoreekin komunikazio estuagoa, etab. Horiek guztiak Tokiko Agenda 21 ezartzean lortu dira. Zehaztasuna eta, batez ere, informazioaren kalitatea –ezartze-prozesuan bertan lortua- oinarrizkoa da atzeraelikadura-prozesurako ondorioak ateratzearren. Atzeraelikadura-prozesua egin behar da. Izan ere, jarraipena ziurtatzen du eta tokiko kudeaketa tresna autonomo eraginkor modura Tokiko Agenda 21en zeregina bermatzen du.
Tokiko Agenda 21en ezartze-prozesuaren alderdiak askoz hobeto zehaztea. Hala, optimizatu egingo dira. Alderdi horiek dokumentu honetan bertan atzeraelikadura-prozesuari dagokion atalean zehatzago aztertuko dira.
Ebaluazio-prozesuak eta metodologia ugariak izan daitezke; metodo kuantitatiboak, kualitatiboak eta mistoak daude. Beraz, kasu bakoitzean banan-banan diseinatu behar dira, baina betiere hurrengo alderdiak hartuko dira kontuan:
-Diseinatutako programazio-mota.
-Udalerriaren giza baliabideak eta baliabide materialak.
-Aldez aurretik ingurumen- edo udal-adierazleak diseinatzea.
-Atzeraelikadura-prozesua
Atzeraelikadura oinarrizko fasea da, Tokiko Agenda 21 ezartzeko prozeduran zikloa ixten duen neurrian. Dena delakoa, ixtearekin ez da prozesua amaitzen. Tokiko Agenda 21 ez da ezarri eta prozesuaren amaieran hiltzen. Jarraipena duenez, guztiz kontrakoa gertatzen da. Nolanahi ere, udal‑kudeaketan lan-tresna izan behar du. Beraz, atzeraelikaduraren faseak emaitzek, esperientziek, arrakastek eta porrotek, helburu beteek eta bete gabeek, egoera berriek, politikek, gizarte-sektoreek eta abarrek eskaintzen duten aberastasunarekin eta elikadurarekin Tokiko Agenda 21 prozesuari berriz ekitea du helburu. Horiekin guztiekin Tokiko Agenda 21 tresna garatu eta heldu egiten da.
Normalean fase hau gutxietsi egiten da, baina kontuan hartu behar da eta merezi duen denbora eta espazioa eskaini behar zaio. Hala, udalerriak kudeaketarekin hartzen duen konpromisoa bermatzen da, baita udalerriaren Tokiko Agenda 21en jarraipena eta arrakasta ere.
FASE HONETAN KONTUAN HARTU BEHARREKO ALDERDIAK
Jarduera-programazioaren barruan berezko fasea da, beraz, aldia eta arduraduna/k zehaztu behar dira.
Atzeraelikadura-prozesua Tokiko Agenda 21 ezartzen ari den prozeduraren amaieran garrantzitsuagoa eta argiagoa izan arren –dokumentu honetan argi eta garbi azaltzen da-, maila guztietan egin behar da eta arduradun guztiek gauzatu beharko dute.
Aktoreen eta, batez ere, fase desberdinetako arduradunen artean komunikazioa eta erlazioa handiagoa den neurrian, Tokiko Agenda 21en prozesuak hobe funtzionatuko du eta hobe egokituko da sortzen diren oztopo edo eragozpenekiko.
Fase honek ez ditu bakarrik prozesuaren zati zehatzak elikatzen, maila guztiak baizik. Hala eta guztiz ere, esperientziak azaldutakoari jarraiki, epe luzera fase zehatzak besteak baino gehiago atzeraelikatzen dira. Dena delakoa, ez da aukerarik baztertu behar, hasieran behintzat.
Azkenik eta ondorio modura, atzeraelikaduraren prozesuak Tokiko Agenda 21i jarraipena ematea du helburu garrantzitsu. Ildo horri jarraiki, erabilerarekin eta esperientziarekin egituratzen eta hobetzen joan behar da, udalerri bakoitzean hasieratik Tokiko Agenda 21 ezin hobea ezin baita ezarri.
Beraz, atzeraelikadura maila desberdinetan egin daiteke:
Konpromisoaren aldez aurretiko fasea: Tokiko Agenda 21 ezartzen ari garenean, batez ere, lehenengo urteetan hasierako printzipioak, helburu orokorrak aldatu eta zehaztu behar ohi dira. Halaber, hasieran baztertuta izan ziren alderdi berriak sartu behar izaten dira. Agenda 21 garatzen den heinean, printzipioak geroz eta gehiago zehazten dira eta une bakoitzak ingurumenaren, soziopolitikaren eta kulturaren testuinguruan eskatzen dituen alderdi berriak sartzen dira.
Diagnostiko Osoaren Fasea: Tokiko Agenda 21 ezartzeko prozesu oron, batez ere, ekintzak gauzatzeko orduan, argi eta garbi nabari dira giroaren zenbait alderditan hutsak. Ekintza zehatzak programatu eta gauzatzeko derrigorrez zuzendu behar dira.
Helburuak Zehazteko Fasea: fase hau asko aldatuko da, batez ere, Tokiko Agenda 21 arrakastaz ezartzen ari bada. Helburuak definitzea eta horiei lehentasunak ematea, baita horiek lortzeko estrategiak identifikatzea eta zehaztea ere, hobetuz eta zehaztuz joan behar dira; horrez gain, udalerriak kudeaketa-tresna autonomo modura Tokiko Agenda 21en duen konfiantza islatzeko, helburu, erronka eta estrategia berriak sartu behar dira.
Tokiko Ekintza Fasea: zalantzarik gabe, fase honek atzeraelikaduraren prozesutik aldaketa eta ekarpen gehienak jasoko ditu; batetik, aurreko faseek elikatu eta aldaketak eragingo baitituzte, eta bestetik, tokiko ekintza‑faseak berak ere ekarpenak egingo baititu: programazioa, partaidetza, lan‑banaketa, arduradunak izendatzea, epeak, helburuak kuantifikatzea, etab. Alderdi guztiek zehaztasunerantz, optimizaziorantz eta helburuak udalerriaren egiazko aukeretara egokitzerantz (hasieran oso optimistak izan ohi dira) jo beharko lukete, nahi handiko asmoak eta helburu garrantzitsuak lortzeko gogoa alde batera utzi gabe.
Jarraipen eta Ebaluazio Fasea: Tokiko Agenda 21 prozesuan esperientzia lortzen den neurrian, tokiko ekintza-planaren ekintzak hobeto ezartzen dira eta jarraipen-planeko adierazleen sistema hobeto egokitzen da.
Tokiko Agenda 21en Antolaketa eta Egitura
Tokiko Agenda 21 prozesuak udalerri guztia hartzen du kontuan eta, beraz, koordinazio eta planifikazio egokiak lortu behar dira. Ildo horri jarraiki, ezartzeko eta garatzeko egitura berezia antolatzea komenigarria da. Egitura guztiak, gutxienez, lau talde funtzionalen ordezkaritza izan beharko du:
Batzorde politikoa: gobernuko ordezkariak eta alkatea izango dira partaideak. Bere ardura Tokiko Agenda 21en helburuak betetzea izango da.
Batzorde eragilea: proiektua garatzeko orduan, zerikusia duten talde guztien ekintzak zuzentzez eta koordinatzez arduratuko direnek osatua.
Talde teknikoa: bertan udaleko nahiz toki erakundeetako teknikariak eta pertsona adituak izango dira. Beren ezagutzetan eta esperientzietan oinarrituta, ingurumen-ikerketa gauzatzeko, udalerriaren diagnostikoa luzatzeko eta ekintza-estrategiak nahiz –planak proposatzeko beharrezkoak diren azterketak eta analisiak egingo dituzte. Horrekin guztiarekin Tokiko Agenda 21 garatuko da.
Hiritarrek parte hartzeko eztabaida-gunea: bertan elkarteak, enpresaburuak, gizarte eta hiritarren taldeak izango dira. Eztabaida-guneen bidez hiritarrek zuzenean eta eraginkortasunez parte hartzen dute Tokiko Agenda 21ean. Planteamenduak egingo dituzte eta garatu nahiz gauzatu egingo da.





