Bi gurpilei eraginez lantokira joaten diren herritarrak egunetik egunera gehiago badira ere, horien kopurua handitzeko asmoz, CC.OO., ELA, ESK, LAB, STEE-EILAS eta UGT sindikatuek, KALAPIE Hiriko Txirrindularien Elkartearekin batera, Lanera bizikletan izeneko manifestua ezagutzera eman zuten urriaren 30ean.
Eguneroko joan-etorri gehienak lan kontuengatik egiten direla aintzat hartuz, bidai horiek motordun ibilgailu pribatuan egin beharrean (autoan edo motorrean, esaterako) oinez, bizikletan edo garraio publikoa erabiliz gauzatzeak eragiten dituen onuren zerrenda plazaratu zuten aipatu eragileek:
- Laneko absentismoa murriztu,
- Puntualtasuna irabazi (bizikleta garraiobide eraginkorrena da distantzia txiki eta ertainetarako),
- Osasuna hobetu,
- Enpresari iraunkortasun aldeko irudi ona ematea
- Ingurumen abantailak: airearen kalitatearen hobekuntza, trafikoa arintzea eta atmosferara igorritako Berotegi Efektuko Gasen murrizketa, besteak beste.
Era berean, sindikatuek eta Kalapiek dagokion eragileei gai honetan lanerako sarbide segurua eta erosoa bermatzeko beharrezko mugikortasun iraunkorreko neurriak har ditzaten galdatzeko konpromisoa bere gain hartu zuten, motordun garraiobideei lotutako arazoei aurre egiteko esparru ekonomiko eta legal egoki bat sortzeko beharra ere azpimarratuz. Horrekin batera, sindikatuetako eta Kalapieko kideen artean bizikletaren erabilera sustatu, mugikortasun iraunkorrarekin lotutako prestakuntza ikastaroak antolatu eta bizikletaren erabileraren alde lan egiten duten gizarte eragileekin elkarlanean aritzeko beren konpromisoa ere mahai gaineratu zuten.
Informazio gehigarria: www.kalapie.org





