
Udalsarea 21ek –Iraunkortasunerako Euskal Udalerrien Sarea- Oarsoaldeko Udaltalde 21en web gunea urriko web orri moduan izendatu zuen.
Oarsoaldeko Udaltalde 21 ekimena 2004. urtean abiarazi zuten eskualdeko lau udalek, Oarsoaldea Eskualdearen Garapen Elkartearen koordinaziopean eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Aipatu ekimenaren helburua Oarsoaldeko udalerrietan Tokiko Agenda 21 prozesuak abiarazi eta indartzea izan da hasieratik, taldean lan egitearen abantailetaz baliatuz garapen iraunkorraren bidean aurrerapausoak emateko.
Horrela, 2006. urtean Oarsoaldea bailarako lau udalerriek Udalsarea 21en sartzea lortu zuten (Oiartzungo Udala 2002 urteaz geroztik parte hartzen du Sarean) eta une hartatik, EAEko gainerako euskal udalerriekin batera, iraunkortasunaren prozesuan etengabeko hobekuntza lortzea da erronka berria. Hori dela eta, Oarsoaldeko Udaltalde 21ek tresna ugari baliatzen ditu eskualdeko udalerriei Tokiko Agenda 21en prozesuan aurrera egitea errazteko. Tresna horietako bat duela 3 urte sortutako Oarsoaldeko Udaltalde 21en web gunea da (www.oarsoaldea.net/agenda21), herritarrei zuzendutako komunikazio bideetako bat izanik, eskualdeko udalei Tokiko Agenda 21en ematen dituzten pausoen berri ematen laguntzen baitie.





